Arrasateko gazteak izan dira osoko bilkuraren protagonistak [Bideoa]
Klima aldaketaren proiektua egin duten 6-18 urte bitarteko ikasleek, Arrasateko Udalaren aurrean aurkeztu dituzte gaur proiektuan ateratako konklusioak, proposamenak eta konpromisoak. Udalak bere aldetik, egindako lana "aztertzeko eta beharrezko konponbideak aurkitzeko" konpromisoa hartu du.
Testua eta argazkiak: Marijo Simón. 2017ko ekainak 6, asteartea.
Bestalde, gaurko bilkuran Makatzena auzoko autobus geltoki berria, udal zorren ordainketa atzeratzearen eta zatikatzearen buruzko ordenantza, eta bake epaitegiko epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko proposamenak adostu dituzte.
Irabazi, Baleike eta EH Bildu udal taldeek LGTBI Plus harrotasunaren egunaren inguruko mozioa aurkeztu dute. Ekainaren 28an LGTBI Plus harrotasunaren eguna ospatzen dela eta, kolektibo honen eskubideak babesteko mozioa da gaur aurkeztutako alegia. Mozioa ez da aurrera atera, izan ere EAJk mozioaren kontra bozkatu du, "gai hauek tratatzeko komisio bereziak daudela" argudiatuz
Osoko bilkuraren bukaeran, Saleh Salek Saharaldeba elkarteko lehendakariak protagonismoa hartu du. Salek-ek errefuxiatu guneetan izandako laguntza humanitarioan murrizketa salatu du. Ekintzaileak azaldu duenez, momentu honetan %50ekoa da Sahariarren kanpalekuetan jasotzen den laguntza eta testuinguru horretan, Arrasateko Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Europar Batasunari larrialdiko laguntza eskatuko dio. Halere, kolektiboaren asmoa errefuxiatuen aferari "behin betiko irtenbidea" aurkitzea da, Salek berak azaldu duenez
.
Nabarmentzekoa da ere herritar batek mugikortasunarekin eta aparkalekuarekin dagoen arazoa gaurko plenoan aurkeztu izana eta horreri erantzuten, Udalak "mugikortasun estrategikorako plana martxan dagoela" azaldu du. Aurkeztutako konponbideen artean, erdigunean OTA jartzea edota Monterron aurrekaldeko solairuan lurpeko parking bat egitea egongo litzateke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario