jueves, 24 de marzo de 2011

Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida. Francisco Castejon. Fisikari nuklearra

Berria.info » Papereko Edizioa » Harian2011-03-18


«Txernobyl zuritzeko argudioak bertan behera gelditu dira Fukushimakoarekin»

Puntako teknologiarekin ere energia nuklearra kontrolpean ezin dela eduki gogorarazi du Francisco Castejonek, eta Espainiako Gobernuaren erantzun falta kritikatu du.

Jon Rejado Gasteiz
Fukushima I zentral nuklearrean azken egunotan gertatutako gorabehera guztiak gertutik aztertzen saiatu da Espainiako Ecologistas en Accion taldeko bozeramaile Francisco Castejon. Fisikari nuklearra da, eta duela 30 urte hasi zen energia nuklearraren arriskuez ohartarazteko lanean. Kezkaz ez ezik, etsipen kutsu batekin ere aztertzen ari da egoera. «Hiru hamarkaden buruan, 'Arrazoia genuela ikusten al duzue?' galdetu, behintzat, galdetu behar dugu» .
Nola buka daiteke egoera hori?
Une honetan zentraleko sei erreaktoreak kaltetuta daude, baita geldituta zeuden biak ere. Lanean ari dira, baina ez dago argi gauzak hobera egingo ote duten.
Egungo egoera ikusita, zer da gerta daitekeen gauzarik txarrena?
Benetako egoera jakin gabe, zaila da ezer esatea. Bigarren erreaktorea guztiz urtu, euste neurriak gainditu eta kutsagarriak ingurumenera igarotzeaz gain, hirugarren erreaktoretik ere kutsadura ateratzea da gerta daitekeen okerrena. Oxido mistoa du hirugarrenak, uranio eta plutonio nahasketarekin, Garoñako zentralak bezala. Beste erreaktoreetatik atera daitekeen kutsadura baino askoz erradio toxikoagoa da.

Denborak aurrera egin ahala egoerak hobera egingo duela esaten dute adituek.
Denbora gure alde dago, baina ezin dugu esan denborak soilik egoera konponduko duenik.

Zer gertatuko da orain arte egon diren isuri erradiaktiboekin?
Laino erradiaktiboak zehaztugabeko pertsona kopuru bati kalte egin dio dagoeneko. Agintariek esan dute 200 direla irradiatutako pertsonak, baina gehiago dira. Hamar eta hogei urte barru mota askotako minbizien gorakada izango da han: tiroideetakoa, hezurretakoa, birikatakoa…
Egungo egoera baino harago joatea zaila da, baina zein etorkizun izan dezake Japoniako eremu horrek? Nahita itxitako zentral bat geratzeko hamarkadak behar dira…
Istripua egonkortzean, inguru horretan dagoen kutsadura aztertu beharko da, eta gero, erabakiak hartu. Baina espero daitekeena da lurrean eragina izaten ari diren milaka litro ur erradiaktibo egotea. Zentrala eraistearen arazoa dago gero, batez ere istripuaren ostean dituen baldintzak ikusita: euste sistemak kaltetuta daude, nukleoa urtuta… Eta oraindik ere ia aipatu ez den arazo bat dago.

Zein arazo?
Aurretik erabilitako erregaiak hor bertan gordeta daude, uraska batzuetan. Horietako batean uraren maila jaitsi dela jakinarazi dute, eta egoera horretan ezin da erradiazioari eutsiko zaionik bermatu. Uraren maila jaitsiz gero, agortutako erregaia agerian gelditu eta erradiazio maila altuak isuriko lituzke.

Japoniatik iristen den informazioa hipotesietan oinarrituta dagoela ematen du.
Istripuaren arazoetako bat izaten ari da hori. Informazioa emateko iluntasuna dago Japoniako agintarien partetik. AEBak, Frantzia eta Energia Nuklearraren Nazioarteko Erakundea haserretu egin dira horren ondorioz, ez dakitelako zein den benetako egoera. Informazio faltak balorazioak egitea zailtzen du, eta egoera ikertzea ere zailtzen du.
Nola jokatu dute energia nuklearraren erakunde erregulatzaileek krisi horretan? Zein egoeratan utzi ditu istripuaren inguruan izan duten jokabideak?
Txernobylgo zentraleko istripua hiru modutan arrazoitu dute historikoki: diseinu txarra zuela, teknologia eskasa zela eta demokratikoa ez zen herrialde batean zegoela. Ordea, Txernobyl zuritzeko argudioak bertan behera gelditu dira Fukushimakoarekin. Puntako teknologia erabili arren, energia nuklearraren segurtasuna ezin da guztiz bermatu.
Pentsaezinak ziren egoerak gertatu direla argudiatu dute orain.
Loteria irabaztea zaila da,baina billetea erosi eta irabazi duten pertsonak egon badaude. Ritcher eskalan 9 graduko lurrikara bat eta tsunami bat gertatzea oso zaila da, baina gertatu da.

Energia nuklearraren aldeko sektoreek beren argudioak babesteko erabili zuten ezbeharra hasieran.
Horrela da, bai. Baina zer nahi dute gertatzea energia nuklearraren arriskuak onartu aurretik? Baieztapen zinikoa da egin zuten hori.
Nuklearrari buruzko eztabaida hasteko unea al da?
Eztabaida ez da oraingoa, aspaldikoa baizik. Eztabaida azken istripu honen aurretik hasi zen, eta ezin dute espero gertaera hauek kontuan ez hartzea.

Aipatu duzun eztabaida horren barruan aldaketa gertatzen ari zela heldu da Japoniako ezbeharra, nuklearren aldeko ahotsak gora egiten ari zirenean.
Presio talde nuklearraren lanaren ondorioz, iritzi publikoa aldatzen ari zen azkenaldian, energia mota hori onartzeko bidean aurrera eginez. Alemanian, Finlandian, Espainian… Barack Obama AEBetako presidenteak berak aurreko presidenteak hasitako sei zentraletatik bi onartu zituen. Tamalgarria da horrelako ezbeharrak gertatu behar izatea zentzua nagusitu dadin.

Espainiako Gobernuak 1984an hasitako atzerapen nuklearra indartu al da?
1997an argindarraren sektorea liberalizatu egin zen. Hau da, ordutik edozeinek eraiki dezake zentral nuklear bat. Baimenak eta dirua baino ez ditu behar. Ez dituzte eraikitzen ez direlako esaten duten bezain onuragarriak. Babes publikoa da nahi dutena.
Gertaera horren ostean, ez du ematen iritzi publikoak hori onartuko duenik.
Iritzi publikoa, izatez, nuklearren kontrakoa zen, eta orain are gehiago izango da.
Baina irekita dauden zentralen luzapenari buruzko eztabaida oraindik bertan dago. Zer gerta daiteke?
Garoñako zentrala 2013ra arte irekita edukitzea ez da batere popularra, eta are gutxiago iraupena luzatzea. Garoña berehala ixteko eskatzen dugu, eta gainontzeko zentralak mailakatuta ixtea.

Eta zer espero daiteke Espainiako Gobernuaren partetik?
Tamalgarria izaten ari da erakutsi duen jarrera. Ez dute adierazpen bakar bat ere egin haien jarrera azaltzeko. Alemanian erantzun dute, baita Suitzan ere… Gureak ez du ezer esan.

domingo, 13 de marzo de 2011